Transgenikoei buruzko mintzaldiak Leitzan eta Baztanen

 

Joserra Olarieta adituak transgenikoei buruzko hitzaldiak eman ditu Leitzan eta Baztanen. Apirilaren 11n eta 12an Joserra Olarieta LLeidako Unibertsitateko irakaslea eta Nekazaritza Ingeniaritzan doktorea Nafarroan barna ibili da, LeitzEKO Kontsumo Taldeak eta Hazitik Hozie elkarteak gonbidaturik transgenikoei buruz hitz egiteko. Olarietak “¿Transgénicos. De verdad son necesarios y seguros?” liburua argitaratu zuen iaz.

Leitzako Torrea taberna eta Elizondoko Arizkunenea jendez bete ziren, gaiak herritarren artean pizten duen interesaren erakusle. Ez da gutxiagorako, Nafarroan 8.300 hektarea arto transgeniko baitago.

Olarietak eskainitako hitzaldiak aipatutako liburua zuen ardatz eta, horrela, eduki nagusiak aletu zituen, komunikaziorako gaitasun trebea erakutsiz eta ezagupen tekniko sakonarekin. Mintzaldian esan zuenez, transgenikoei genoma artifizialki aldatzen zaie eta hiru mota daude: intsektizidak ekoizten dituztenak, herbizidak jasan ditzaketenak eta intsektizidak eta herbizidak jasan ditzaketenak.

Transgeniko labore nagusiak artoa, soja, kotoia, koltza eta luzerna dira eta munduko transgenikoen 3⁄4 Ameriketako Estatu Batuetan, Argentinan eta Brasilen ekoizten dira. Modu berean, Europako Batasuneko herrialde gehienetan transgenikoen ekoizpena debekatua dagoela esan zuen, nahiz Espainiako estatuan MON810 arto transgenikoa baimendua dagoen. Izatez, Espainiako estatuan ekoizten den artoaren herena transgenikoa da.

Alta, Europa gehienean transgenikoak ekoiztea debekatua egonagatik ere animalien pentsutarako eta herritarren elikadurarako inportatzen da. Animalien produktuetan etiketatzea ez da beharrezkoa eta barazkietan %0,9tik gorakoa bada, bai.

Olarietaren esanetan transgenikoek hiru helburu dituzte: gosearen egiazko arrazoiak ezkutatzea, negozio teknologiko berria sortzea eta hazien merkatua pribatizatzea eta kontrolatzea. Ildo horretan esan zuen transgenikoek munduko gosearekin ez dutela bukatuko, besteen artean, gosearen arrazoi nagusia salgaiak produzitzen dituen sistema agroalimentarioa delako; hau da, sistema ez dago pentsatua jendarentzako elikagaiak egiteko, negozioa egiteko baizik.

Estatuko egoerari buruz, bestalde, esan zuen transgenikoen atzean lehengai merkeekin pentsu merkea produzitu nahi duten pentsu fabrikatzaileak daudela. Izan ere, estatu mailan abere hazkuntza produktibista, industrial eta intentsiboa nagusi baita.

Modu berean transgenikoen ondorio sozialak aipatu zituen eta jendearentzako toxikoak izan daitezkeela ere bai. Azkenik, transgenikoei buruz herritarrek erabaki behar dutela esan zuen, ez dela zientzialari eta politikarien eskuetan bakarrik utzi behar gaia.

Testuinguru horretan, aipagarria da lehengo urtean Nafarroan transgenikoen kontrako ekimena abiatu izana, Transgenikorik gabeko lurralde baten aldeko plataformak bultzaturik. Horren baitan udaletan mozioak aurkeztu ziren eta parlamentuan gaiari buruz eztabaida sortu, baina horren gaineko erabakirik hartu gabe.

Hitzaldiaren ondoren, Leitzako Torrea tabernan bertako elikagaiez egindako pintxo bikainak dastatzeko aukera ere izan genuen.

 


Elkarbanatu