Leitzeko produktuen VI. azoka

       

Leitzeko produktuen VI. azoka  antolatu genuen azaroaren 15ean  Amazabal pilotalekuan LeitzEKO Kontsumo Taldeak eta Leitzako udalak elkarlanean. Aurreko urteetan ez bezala, Aresoko ekoizleek ez zuten parte hartu, eta animalia erakusketarik ere ez zen izan. Hala ere, parte hartze handia izan zen, bai ekoizleen aldetik, bai ikusle eta erosleen aldetik. Herritar nahiz kanpotar, jende emana erabatekoa izan zen goiz osoan. Norabide bakarreko ibilbidea antolatuta, sarrera eta irteera kontrolatu genuen jende pilaketarik ez izateko, aforoa eta segurtasun neurriak errespetatuz. Pilotalekuaren buelta guztian, hara bertaratuak bazuen non aukeratua: banabarrak, intxaurrak, hurrak, eztia, gazta, arto-iriña, garaiko barazkiak, gozoak, txokolatez egindako kutixiak, janari prestatuak, belarrez egindako ukenduak... Hamazazpi puestotan barna, zein baino zein oparoago. Bertatik aterata, eskola atariko karpan taloa eta axuria burruntzian errea prestatua zuten Arroko Kristinak eta laguntzaileek eta Atekabeltzeko taldekoek, hurrenez hurren, joandakoen gozamenerako. Eta, nola ez, urtero bezala hainbat herritar beren borondatez etorri ziren dena antolatzen laguntzera. Eskerrik beroenak denei!

Aurten berriz ere, ederki berretsi dugu urteroko azoka honen helburu nagusia: bertan eta bertakoa modu arduratsuan kontsumitzea. Bertakoa erosi eta jaten dugunean, lehen sektorea duintzeaz gain, herriko eta inguruko ekonomia sustatzen baitugu, komunitate kontzientzia sortuz eta herria indartuz bidenabar.

 

    

 


Elkarbanatu