ELIKADURA OSASUNTSUAN HEZTEA, GURE ARDURA

 

ELIKADURA OSASUNTSUAN HEZTEA GURE ARDURA

 

LeitzEKO Kontsumo Taldeak 2019ko maiatzaren 2an hitzaldia antolatu zuen Erleta eskola jantokian, Erleta eskolako eta haurtzaindegiko guraso elkarteekin elkarlanean. Elikadura osasuntsuan heztea, gure ardura izenburua ardatz hartuta, hiru solaskide gonbidatu genituen gure artera: Mikel Zabaleta alkatea, Leitzako udalaren ordezkari; Edurne Lekunberri, Iruñeko Donibane Haur Eskolako zuzendaria, eta Amaia Sagastibeltza, pediatra leitzarra. Solasaldiak interes handia piztu zuen, jende asko hurbildu baitzen eskolako jantokira.

 

MIKEL ZABALETA:  Leitzako udalarentzat elikadura gai estrategikoa da.

 

Mikel Zabaleta alkatea aritu aurrena gaiari hasiera emateko. Lehen-lehenik azpimarratu zuen elikaduraren ardura kolektiboa dela eta gai transbertsala dela osasuna, bertako ekonomia, bertako ekoizpena, ingurumena eta heziketa lotzen dituen ardatza. Gehitu zuen ez dela mugatzen arlo pribatura, eremu publikoa ere hartzen duela. Eta zentzu horretan adierazi zuen udalarentzat gai hau estrategikoa dela, eta etorkizunean herriko eragile ezberdinekin elkarlanean lantzen segitzeko asmoa duela.

 

EDURNE LEKUNBERRI: Iruñeko haur-eskoletako jantokietan eman den eredu aldaketari esker elikadura osasuntsua eta bertakoa erdigunean jarri du Iruñeko udalak.

 

Edurne Lekunberrik Iruñeko udalak bere eskumenean dituen haur-eskoletako jangeletan izandako erabateko eraldaketa prozesuaz hitz egin zuen, baita eraldaketa horrek eman dituen ondorio positiboez ere. Prozesua 2016an hasi zen bi haur-eskoletako esperientzia aitzindariekin. Gaur egun hamaika haur- eskoletara zabaldu da eredua.

 

Udalaren konpromiso politikoa azpimarratu zuen, etxean ez ezik eremu publikoan ere modu arduratsuan eta koherentean jokatzea erabaki zuelako, elikadura osasuntsua eta bertakoa erdigunean jarriz. Gaurko egunean, hamaika haur-eskoletako jantoki kudeatzen dituzte bere osotasunean udalak eta zentro bakoitzak, elkarren artean. Baldintza pleguak aldatu egin dituzte, prezioen gainetik honako irizpideak lehenetsiz: bertako elikagaiak izatea, freskoak, garaian garaikoak eta zuzenean ekoizle txikiei erositakoak.

 

Eredu aldaketa honetan familiekin heziketa lana egitea ezinbestekoa izan dela gaineratu zuen, bereziki eduki zitzaketen beldurrak gainditzeko. Halaber, irakasleekin eta sukaldariekin ere formakuntza lana egin behar izan dutela azaldu zuen, kontzientzia hartze prozesu bat egon dela, zeuzkaten kontraesanez eta inkoherentziez jabetzeko eta horiek gainditzeko soluzioak bilatzeko. Esate baterako adierazi zuen menuak aldatu dituztela elikagai freskoak ugarituz eta eraldatuak gutxituz, eta egun haurrek zein hezitzaileek elikagai berak jaten dituztela.

 

Bukatzeko, hitz egin zuen esperientzia horrek beste arlo askotara ere ekarri dituen onurez . Elikaduraren kalitatea ikaragarri hobetu omen da, inklusiboagoa eta osasuntsuagoa da; elikagaiak direla eta gaixotasunen bat zuten haurren kopurua nabarmen jaitsi dela ere adierazi zuen (zeliakoak, alergikoak, e.a). Lan hezitzailea egiten ari dira, zaporeen eta testuren aberastasunean, garaian garaiko elikagaien kulturan edo elikagaien ekoizpenen atzean dauden baloreetan haurrak heziz. Sukaldarien autoestimua indartzeko ere balio izan du esperientziak, eta elikagaien ekoizleekin harremanak estutzeko eta horiek euren ekoizpenaren truke ordain-sari duinagoa jasotzeko ere bai. Komunitate osoa atera da irabazle: haurrak, gurasoak, hezitzaileak, sukaldariak, ekoizleak eta udala.

 

AMAIA SAGASTIBELTZA: Zer da elikadura osasuntsua?

 

Amaia Sagastibeltza pediatra leitzarrak elikadura osasunaren ikuspegitik aztertu zuen. Bere saioaren sarreran azaldu zuen azken 40 urteetan hamar aldiz igo dela gizentasuna duten haurren kopurua. Horren eragile, hiru arrazoi aipatu zituen: genetika, elikadura ohitura ezberdinak eta sedentarismoa.

 

Elikadura ohituretan azken urteetan eman den elikagaien industrializazioak ekarritako ondorioez hitz egin zuen: produktu prozesatuak oso eskuragarri izatea, nahiz eta ez elikatu tripa betetzen dutenak; merkeak izatea, publizitatearen eragina, sukaldaritzari gero eta denbora gutxiago eskaintzea, emakumea lan merkatuan sartzea, lehen betetzen zuen funtzioa inork ez duelako ordezkatu, eta  nahi gabe gero eta produktu prozesatu gehiago kontsumitzea.

 

Informazio okerrak elikatzeko ohituretan izandako eraginaz ere mintzatu zen. Urte askoan osasuntsu bezala hartu diren elikagai asko ez direlako horrela: zuku eta zereal prozesatuak aipatu zituen, besteak beste. Zentzu horretan, etiketak irakurtzearen garrantziaz ohartarazi zuen.

 

Horri guztiari buelta eman eta hobetzeko elkarlanaren garrantzia azpimarratu zuen: etxea (etxeko ohitura onak sustatuz), eskola (elikadura ohitura osasuntsuak bultzatuz), osasun zerbitzuak (ohitura onen inguruan informatuz), administrazioak (elikagai prozesatuei tasa bat jarriz).

 

Bere mintzaldiaren azken zatian elikadura osasuntsua zer den definitu zuen. Honatx labur emandako zenbait irizpide: elikagai naturaletan oinarritua , adinaren arabera kopuruz nahikoa, orekatua, askotarikoa, hurbilekoa, jasangarria, erakargarria eta gustagarria izatea.




 


Elkarbanatu