BAZTANERA BISITA. 2018-12-29

BAZTANERA BISITA. 2018-12-29

 

Bertatik Bertara ekimenak antolatuta 2018ko abenduaren 29an Baztanera egin genuen bisita, formakuntza saio moduan. 12 lagun joan ginen: Leitzeko Kontsumo Taldearen talde eragileko 4 lagun, Leitzako 6 baserritar, Cederna-Garalurreko teknikaria eta Leitzako alkatea. Baztango ordezkaritza hauek osatu zuten:  Iruritako hiltegiko bazkide den Isaak Rekaldek, Joseba Otondo Baztango alkateak, Jon Elizetxe basozainak eta Ana Iriarte Baztango Zaporeak-eko kideak.

 

Bisita iraun zuen bitartean ezagututako proiektuak honako hauek izan ziren: Iruritako hiltegia eta zatiketa gela, Baztango komunalaren ordenantza berria, Baztango Zaporeak, Zer jan halako Baztan eta Baztango eskola jantokiak. Proiektu bakoitzaren nondik norakoak azaldu zizkiguten.

 

Iruritako hiltegia eta zatiketa gelak udalarenak badira ere, funtzionamendua esku pribatuen ardurapean  dago eta bertako arduradunak eman zizkigun proiektu honen inguruko azalpenak. Bestalde, Baztango Batzar Nagusiak komunalaren inguruko ordenantza berri bat onartua du eta hainbat daturekin batera honen xehetasunak azaldu zizkigun Jon Elizetxe basozainak. Ana Iriarte Baztango Zaporeak ekoizle/eraldatzaile txikien elkartearen eratze prozesuaz, helburuez eta landutako ekimenez aritu zitzaigun. Eta bukatzeko, Joseba Otondo alkateak bertako produktuaren inguruan lan pedagogikoa egiteko Zer jan halako Baztan ekimenaren eta Baztango eskola jantokietan egiten ari diren lanketaren berri eman zigun.

 

Ondoren, bertan gelditu ginenok Hazitik hozie taldeko kideekin bazkaldu genuen. Hazitik hozie tokiko garapen iraunkorraren inguruan gogoeta sustatu eta proposamenak lantzeko helburuarekin sortutako taldea da. Han ginenen arteko elkarrizketa aberats eta informazio trukaketa interesgarriarekin amaitu genuen egun honetako jarduna.


Elkarbanatu